IBILBIDEAK * HIRIBURUAK

Etorbide handietatik zehar

Kultura, historia, hizkuntza eta gastronomia. Euskalduntasunaren lau ardatzak dira, eta horri natura ugaria, askotarikoa eta bizia gehituz gero, bisitatzeko leku ezin hobeagoa bihurtzen dute gure lurraldea. Mendiak, hondartzak, giroa eta herri xarmangarriak ditugu edozein txokotan, baina lehen begiratu bat emateko, hiriburuak bisitatzea gomendatzen dizugu: Donostia, Iruña, Gasteiz eta Bilbo. Gainera,ez duzu bat aukeratu beharrik izango, laurak bisita ditzakezu, elkarrengandik oso gertu baitaude.

Gainera, lau hiriburuetako bakoitzak zerbait desberdina eskaintzen dizu. Hona hemen azalpenak:

  • Donostia, edo Paris txikia, da fotogenikoena. Dena da argazkia ateratzeko eta markoan jartzeko modukoa: kale zabalak, eraikin dotoreak, badia… Bisitatu Igeldo mendia, erdigunea eta Alde Zaharra, ez zara damutuko! Eta eguna amaitzeko modurik onena? Tabernetako barrak betetzen dituzten milaka pintxoak dastatzea!
  • Iruña hiri harresitua da, eta Espainiako Errenazimentuko arkitektura militarraren eta Europako defentsa-multzo garrantzitsuenetako baten adibiderik onena du, Ziudadela. Alde Zaharra bisitatzeko modurik onenetakoa eta originalenetakoa sanferminetako entzierroaren ibilbidea egitea da. Lasai egin dezakezu, zezenik ez zaizula agertuko zirutatu dezakegu…
  • Gasteiz hiri berdea da: parke eta bidexka ugari ditu oinezkoentzat eta bizikletentzat. Plan onenetako bat bizikleta bat alokatu eta hirian zehar Eraztun Berdea zeharkatzea izan daiteke. Pedalei eragin ondoren, Alde Zaharrean sar zaitezke, mendeetan aldatu ez den Erdi Aroko almendran, eta bertako pintxo eskaintza izugarriaz gozatu.
  • Bilbo euskal hiririk modernoena bihurtu da azken urteotan, baina betiko esentzia industriala bere horretan mantentzen jarraitzen du. Modernoaren eta zaharraren arteko fusio hori ikusgai duzu Artxanda mendia, Erriberako Merkatu berritua, Azkuna Zentroa eta, nola ez, Guggenheim museoa bisitatzen badituzu.