IBILBIDEAK * Arabako Errioxa

Mahatsaren sekretuaren bila

Aire zabaleko upategi handi bat. Hori da Arabako Errioxatik zeharreko ibilbide honetan bisitatzea proposatzen dizuguna. Arabako hegoaldean kokatuta dago, Azpeititik bi ordu baino gutxiagora, eta egun gutxiko ihesaldi baterako helmuga onenetakoa da. Gainera, ardoaren zale amorratua bazara, ez izan zalantzarik, Arabako Errioxak izan behar du zure hautuak!

Eskualdeak 15 herri ditu, eta Guardia da hiriburua. Eta hor bertan hasiko dugu ibilbidea. Guardia hiribildu harresitua da, Erdi Aroko esentzia osoa gordetzen duena, eta bertako kale txikietan paseatzea eta galtzea da planik onena. Plaza Nagusia, lurpeko upategiak eta txoko berezi ugari dituzu zain kale bakoitzaren bueltan. Gainera, bertako produktuak eta freskoak dastatu ahal izango dituzu herriko jatetxe ugarietan, beti ardo onarekin lagunduta. Eta ilunabarrak oraindik herrian harrapatzen bazaitu, Páganos atean egotea gomendatzen dizugu, eguzkia nola ezkutatzen den ikusteko…

Eltziego da bisitatu beharreko hurrengo herria. Erdi Aroko harriak eskualdeko upeltegi abangoardistenaren metal modernoekin urtzen dira: Marqués de Riscal. Errepidean, ordu erdira, San Vicente de la Sonsierrarekin egingo dugu topo. Ondare historiko eta etnografiko oso garrantzitsua duen herri txikia da, eta, gainera, 2021ean sartu zuten Harrera Herrien Sare Nazionalean.

Eta Espainiako herririk abegitsuenetik politenetako batera egingo dugu salto: Briones. Herri txiki honek kale estu eta harriztatuak ditu, eta harresi zaharretik Arabako Errioxako 11.500 hektareako mahastiak ikus ditzakezu. Bastidak, bere aldetik, ondare monumental, natural, mahastizaintza eta ardogintza, gastronomiko, kultural eta tradizional handia du, hala nola, antzinako harresietako bi arku, Larrazuriakoa eta Toloñokoa, edo ardogintzaren aztarnak, Motako dolarea, ardoa egiten zen etxe bateko soto zaharra.

Eta ibilbideari amaiera emateko, Errioxako (badakigu, ez da Arabako Errioxa) helmuga enoturistikorik indartsuena proposatzen dizugu: (Haro), Upategiak, gastronomia, giroa, eskulturak eta ekainaren amaieran bisitatzen baduzu: ardoaren bataila. Festa ezberdin bezain bakarra.